Data hau, Espainian, ETAren biktimen elkarteen eta Madrileko
atentatuen biktimen arteko liskarrek markatu dute. EAEn, orain 4 urte
Jaurlaritzak egun honetarako antolatu izan diren oroitzapen egunetan
parte hartu izan du, eta iaztik berak antolatu du ekitaldia, ETAk
eragindako biktimak omentzeko.
Aurten Donostian egingo da Jaurlaritzaren ekitaldia, eta besteetan
bezala, leloan eta deialdian argi geratzen da euskal gatazkaren ondorioz
izan diren biktimen alde bat bakarrik omenduko dela. Gonbidapenak hala
ezartzen du: «Terrorismoaren biktimenganako euskal gizartearen mezu gisa
eratuko da leloa: ‘Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin
oraina eta etorkizuna eraikiz’». Ez da justua hau horrela izatea, uste
dugulako biktima guztiak omendu behar direla, eta elkarbizitza
sustatzeko ezinbestekoa dela biktima guztien memoria landuko duten
omenaldiak antolatzea, batzuen eta besteen arteko arrakala handitu
beharrean.
Hainbatetan agerrarazten dugu Euskal Herrian, biktima nor den edo,
hobeto esanda, nork erail duen begiratzen dela omenaldi batera joan
baino lehen, eta hil duenaren arabera hau egitea zilegi omen da. 1984ko
azaroaren 20an GALek Santi Brouard hil zuen, geroztik, urtero omenaldia
egiten zaio, Josu Muguruzarekin batera, 1989ko egun berdinean, Alcala
Hoteleko atentatuan hildako HBko diputatuari. Aurten ere, lore eskaintza
horretan, adibidez, ez zegoen Alderdi Popularra ordezkatzeko inor,
baina inork ez zuen PPren izate demokratikoa zalantzan jarri. Egoera
kafkiar honetan, oraindik ere begiratu egiten delako nor izan den
hiltzailea, jakiteko omenaldia egitea politikoki egokia den eta
zer-nolako ordezkaritza merezi duen omenaldi horrek.
Euskal gatazkan lehen mailako eta bigarren mailako biktimak daude,
eta benetako elkarbizitza lortzea baldin bada gure helburua, ezin dugu
hori horrela izan dadin utzi. Herri honetan bizi izan den indarkeriaren
ondorioz sufritu duten guztiek merezi dute gure omenaldia. Egun, ETAren
biktimak entzuten ditugunean esaten 80ko hamarkadan lotsatu egiten
zirela, eta herrietan mespretxatu egiten zituztela, lotsa eta auzo-lotsa
sentitzen dut. Ez dezagun berriz hanka sartze berdina egin, ez ditzagun
orain beste batzuk mespretxatu eta ahaztu, hainbat hildako eta
sufrimendu uzten ari baikara omenaldietatik kanpo, eta haiek ere merezi
dute egun bat, besarkada goxo bat, eta, batez ere, aitortza.
Aurten ere, “Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina
eta etorkizuna eraikiz” lelopean, Eusko Jaurlaritzak prestatu duen
omenaldian egongo gara, bidegabe izan dela sinistuak gaudelako, Eusko
Alkartasunak horrela egin duelako bere sorreratik bertatik. Espero dugu
2020an biktima guztiak batuko dituen omenaldi bat egotea, eta horretara
denak bertaratzea, denek merezi baitute denen omenaldia, denentzako izan
behar baitira, Euskal Herrian hainbatetan ezartzen ditugun loreak.
Hurrengoetan, izan Brouard, izan Lidon, izan Martxoaren 3ko langile
erailak edo/eta atentatu jihadistetan hildakoak, lore eskaintza jasotzen
duenak, denak egon gaitezen espero dut, denon artean sor dezagun
guztiak gogoan izango dituen lorategia.
iruzkinik ez:
Argitaratu iruzkin bat