2010/09/19

Elkarrizketa: Carlos Garaikoetxea Lehendakaria , berria egunkarian 10/09/19


«Gehiengo argi batek arma guztiek baino gehiago balio du» 

Badira urte batzuk politikaren lehen lerroa utzi zuela. Zenbaitek oraindik ere alderdi barruan itzalean lan egitea aurpegiratzen diote. Zurrumurru horiei barre egiten die Karlos Garaikoetxeak (Iruñea, 1938), Eusko Jaurlaritzako lehendakaria izandakoak. «Ez dut ardurarik alderdian, kide arrunt bat naiz». Gaur Alkartasun Eguna ospatuko du EAk, Donostian, eta horren atarian, Iruñeko bulegoan alderdiaren apustu politikoa goraipatu du.

Ukatu egin du, irmo, Batasunari EAk amore eman diola, eta nabarmendu du bere betiko printzipioei (autodeterminazio bidez euskal estatua lortzea eta bide baketsu eta demokratikoak soilik erabiltzea) eutsi besterik ez duela egin. Prozesuaren konplexutasunaz ohartarazi du: «50 urteko estrategia armatu bat estrategia politiko, demokratiko eta baketsua bihurtzea ez da gauza sinplea». Egun EAko kide arrunt izanagatik, Garaikoetxearena ahots kualifikatua da inondik ere.


Bi aste iragan dira ETAk bere agiria kaleratu zuenez geroztik. Zer deritzozu agiri horri?

Egia esateko, argi eta garbi esan genuen pauso bat besterik ez dela. Beste pauso garrantzitsu batzuk derrigorrezkoak dira oraindik. Baina esanguratsua da, batez ere testuinguruan ikusten badugu. Ezker abertzale historikoak egindako eskaera eta alde bakarreko su-etena izan dela kontuan harturik, nahiko berezia izan da, nahiz eta oraindik eskasa den.

Uste duzu agiri horren ondotik pauso gehiago emango dituela ETAk?

Hala espero dugu. Hala pentsatzen eta exijitzen dugu. Dena den, nire iritzia da.

Nola ikusten duzu ETAren agiri horri buruz ezker abertzaleak egindako interpretazioa eta, oro har, hartu duen bidea?

Prozesu honetako gauza garrantzitsuena da. Gehiengo argi batek hartu du estrategia aldatzeko erabakia. Badirudi lehenengo aldiz beso politikoak iniziatiba hartu duela, eta ez dugu harritu behar haren interpretazioa urrunago badoa.

Espainiako Gobernuaren interpretazio ofiziala da ez duela bere politika «zentimetro bat» aldatuko, eta erantzukizuna ETAri eta ezker abertzaleari dagokiela. Egokitzat jotzen duzu uneotan ikuspuntu hori izatea?

Ez, noski. Askotan badirudi ez dagoela interesik gauzak aldatzeko. Zergatik? Euskal erakundeetan erlazio politikoa guztiz aldatuko litzatekeelako, eta orain gozatzen duten gehiengo artifiziala galduko luketelako. Nire ustez, badaude sektore batzuk ez dutenak inondik ere gauzak aldatzerik nahi. Bestalde, kontuan hartu behar dugu horrelako adierazpenak derrigorrezkoak direla. Askotan gertatu da. Gauza bat esan eta gero jakin dugu Oslon edo Suitzan, zuzenean edo zeharka, harremanak izan direla. Dena den, nik ez dut hori baieztatzen. Duela egun batzuk hori iradoki nuen, eta harritu egin naiz Alonso ministroak oso haserre erantzun didalako. Ez dut hori baieztatzen, baina ez nintzateke harrituko arazo tekniko horiek konpondu ahal izateko horrelako zerbait gertatuko balitz. Adibidez, su-eten bat baieztatzeko nazioarteko gainbegiratze bat antolatzeko, edo desarmea nola egiten den, edo presoen egoera... Hori ez da desagertuko zerbait egin gabe.

Iragan asteburuan etorri zen Bilboko manifestazioaren debekua. Zer deritzozu horri?

Nire ustez, gero eta gehiago ari da degradatzen Espainiako demokrazia. Alderdien Lege delako horrek edozer gauza egiteko erraztasun asko ematen dizkio Espainiako Gobernuari. Lege horretan badira kontzeptu juridiko zehaztugabeak, eta hortik gobernu batek atera dezake edozein ondorio. Kontuan hartuta nortzuk ziren deitzaileak, debekua beste pauso bat da degradazio demokratiko horretan.

Eta aste honetako azken polizia operazioari?

Prozesu zail hauetan gaizki-ulertuak sor ditzaketen kontraesanak sortzen dira askotan. Gero badaude sektore batzuk, adibidez poliziak, beharbada beren kabuz lan egiten dutenak. Baina interpretazio errazena da pentsatzea oraindik PSOEk nahi duela garaipen polizial bat bakarrik lortzea, eta PP gertutik markatzen duela horrelako gauzak egiteko. Dena den, horrelako operazio bat eta adierazpen batzuk egiten direnean, badirudi probokazioa egiten saiatzen ari direla. Adibidez, «ETAk ez du gehiago egiten, ezin duelako» esaten denean askotan nolabaiteko probokazio bat badagoela eta prozesua trabatzeko pentsatuta dagoela ematen du.

Oztopo horiek nola gainditu?

Burua hotz eta ideia argi izatea, eta esperientzia historikoa kontuan izatea oso garrantzitsua da. Kontuz ibili behar dugu gure onetik ez ateratzeko, eta beti ikuspegi historiko batekin begiratu behar da. Azken finean, prozesu historiko bat da, eta bereizi egin behar ditugu gauza garrantzitsuenak, helburu nagusiak eta bidean jarriko dizkiguten harriak. Ez dakigu inoiz nortzuek ipintzen dituzten harriak. Bide orri horri ondo eutsi, eta lehen haize kolpean ez dugu norabidez aldatu behar.

Gizarteari zer mezu emango zenioke?

Batez ere ideia nagusi bat kontuan hartu dezala. Herri honetan gehiengo argi bat lortzen badugu gure herriaren eskubideak defenditzeko eta askatasuna lortzeko, eta gure erakundeetan gehiengo horrek munduaren aurrean keinu bereziak erakusten baditu borondate demokratiko hori erakusteko, horrek borroka edo arma guztiek baino askoz gehiago balio du.

Bruselako adierazpenak bere garrantzia izan du. Zer duzu esateko Brian Currin abokatu hegoafrikarrak gidatuta nazioarteko eragileak egiten ari diren lanari buruz?

Oso garrantzitsua da. Beti esan dut Irlandarekin alde ederra izan dugula. Irlandak Estatu Batuetan babes garrantzitsua zuen; bazituzten bi presidente, Irlandakoa eta Erresuma Batukoa, eta lanari ekin zioten biek; George Mitchell senatariak bitartekari lanak egin zituen. Zoritxarrez, gure kasuan nahiko bakartuta egon gara, eta, horregatik, nazioarteko esku-hartze bat oso garrantzitsua da, eta presio talde batzuk lortzea derrigorrezkoa da. Kasu zehatz honetan, garrantzitsua izan da Currinen, Mandela Fundazioaren eta Bakearen Nobel saridun batzuen esku-hartzea. Garrantzitsua, ez bakarrik nazioarteko arreta pizteko, baita ETAri presio berezi bat jartzeko ere. ETAri eta Espainiako Gobernuari.

EAri dagokionez, zer arrisku hartzen ari da alderdia?

Arrisku erlatiboa. Guretzat arriskua da -eta argi eta garbi diot-, berriro ekintza armatuak egoten badira. Kontuz, iraultza zerga horrek eraso bat eragiten badu. ETAk agirian zioen eraso ekintza armatua burutzeko erabakia hartu duela, baina zer gertatzen da norbaiti iraultza zerga ordaintzera behartu eta hark ez badu ordaintzen? Berriro ere su-eten hori baliorik gabe geratuko litzateke. Akordioa apurtu egingo litzateke, eta oker handia litzateke, batez ere guretzat. EA nahiko eskuzabala izan da akordio hau sinatzerakoan. EAk bermatu du estrategiaren aldaketa hori. Baina, bestalde, arrisku hori erlatiboa da; gure jatorrizko printzipioak soilik ari gara defenditzen: ekintza demokratiko baketsuak eta, autodeterminazio eskubidearen bitartez, euskal estatu bat. Beraz, gure bidea jarraitu dugu, eta saiatu gara laguntzen aldaketa horretan.

EAJk, besteak beste, adierazi du ezker abertzaleak ez duela nahasiko, eta beste ekimen politiko batzuk iragarri ditu. Nola ikusten duzu EAJ?

EAJk betidanik bere bidea bakarrik egitea erabaki du. Bere baitan hegemoniarako tentazioa du, eta ez gaitu harritu behar ez baditu besteen ekimenak onartzen. Baina nik beti diot EAk eta ezker abertzaleak ez dugula mespretxatu behar EAJk etorkizunean izan dezakeen rola aldaketa estrategiko horretan. Gehiengo zabal hori osatu behar dugu, eta norbaitek aurkezten badu akordio hau EAJ alboratzeko alternatiba gisa, uste dut nahastu egingo dela. Helburua da gizarte ikuspuntu aurrerakoi batetik euskal estatu bat lortzea, eta, horretarako, gehiengo zabal bat beharrezkoa da. Herri zibilizatu orotan bezala, alde ideologikoak izango ditugu gure artean, baina espainolistek irakaspen eder bat erakutsi digute Nafarroan eta EAEn: antagonismo guztiak gainditu dituzte fronte espainolista bat antolatzeko. Gu ez gara gauza izango inoiz hori lortzeko eta desadostasun horiek gainditzeko? Hori da gakoa, eta, horregatik, errespetu handiz ikusten dut EAJren rola, nahiz eta, nik esan ohi dudan bezala, EAJk beti lore guztiak ureztatzen dituen. EAJk bere tenorrak, baritonoak, sopranoak eta kontraltoak ditu Araban, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan, lore guztiak ondo ureztatzeko.

Eta Aralarren jarrera nola ikusten duzu?

Badakizu, disidenteak dira beti gogorrenak. Batez ere herentzia galtzeko arriskua ikusten badute. Egia esateko, bere kritika batzuk ez dira zilegi. Adibidez, lehengo egunean Iruñean adierazi zuten guk ez dugula errespetatzen erabakitzeko eskubidea Nafarroan, eta indarkeriaren bukaera exijitzen dutela eta guk, alderantziz, ezetz. Gezurtatu egin dugu baieztapen hori, baina lotsagarria da Aralarren ahotik hori entzutea. Aralarren daudenak urte asko eman dituzte gauza horiek defenditu gabe, eta orain guri ikasgaiak ematea lotsagarria da.
Udaberria urrun dagoela irudi du, baina foru eta udal hauteskundeen oihartzuna jada nabari da politikagintzan. Nafarroan, gainera, garrantzitsuak izan daitezke. Gakoetako bat ezker abertzalearen presentzia izango dela deritzo, nahiz eta horretarako bide luzea egiteko dagoen. Abertzaleen batasunera dei egiten du.

Prozesuaren garapena ikusita, hauteskundeak goizegi datoz?

Bai. Zaila da prozesuaren ondorio guztiak gauzatzea. Dena den, EAk eta ezker abertzaleak beti esan dugu gure asmoa ez dela hauteskundeei begira pentsatua. Akordio estrategiko bat da, gehiengo subiranista hori, eta batez ere estrategia armatua, bihurtzeko estrategia politiko demokratiko sendo bat.

EAk Nafarroan NaBairen inguruko akordioa du Aralarrekin, eta, bestetik, aldaketarako dekalogoa hitzartu berri du ezker abertzalearekin. Uztardaitezke bi akordio horiek?

Dekalogo hori onargarria da Aralarren ikuspegitik, baina ez du onartu. Uste dut oztopoak jartzen ari dela oraindik, eta batzuetan badu erregea baino erregezalegoaaren jarrera. Dekalogo horri exijitzen dio nafarrek Nafarroako gaiak erabaki behar dituztela, baina hori gure jatorrizko oinarria da. Bestetik, exijitzen dute indarkeria baztertzea. Zertan datza, bada, gure akordioa?

Hauteskundeetan, egungo Nafarroa Bai errepikatzen bada, ezker abertzalerik gabe, oztopo bat izan daiteke?

Badirudi Nafarroa Bai itxita dagoela beste inor sartzeko, baina uste dut prozesu hau aurrera badoa beharrezko baldintzak sortuko direla Batasunak koalizio horretan parte hartzeko. Beharrezkoa da gehiengo bat, aldaketa politikoa lortu nahi badugu hemen. Posible da lortzea gehiengo hori. Baina, beharbada, ez gara garaiz helduko. 50 urteko estrategia bat goitik behera aldatu behar da. Ez da gure arazoa, ETArena eta Batasunarena baizik. Beharrezko pausoak eman behar dituzte.

NaBai barruko sektore batek mesfidantzaz ikusten du EAren apustu politikoa.

Badakizu, mundu honetan mota guztietako pertsonak daude. Batzuk ausartagoak dira, eta beste batzuek arriskurik hartu gabe probetxu ateratzea nahi izaten dute. Wait and see (itxaron eta ikusi) esan ohi da ingelesez: ondo ateratzen badira gauzak, txalotu, eta gaizki ateratzen badira, kritikatu. Dena den, uste dut ilusioa sortu dela abertzaleon artean. Beste gauza bat dira alderdietako estrategiak eta zuzendaritzak...

Nahiz eta oraindik ofizial ez den egin, nola interpretatzen duzu EAJren eta Aralarren arteko akordioa NaBairi buruz?

Gauza egina dago. Nik uste dut Aralarrek eta EAJk gauza asko egiten dituztela elkarrekin hemen eta EAEn. Elkar laguntzeko sozietateak erabiltzen dituzte, bai erakundeetan bai kontrolatzen dituzten komunikabideetan. Ez da harritzekoa akordio hori. Bestetik, badago nolabaiteko ekimen ez oso leial bat Aralarren aldetik. Bere kabuz ari da gauzak mugitzen. Beste alderdiei gero jakinarazten die. Gauza txiki horiek alde batera utzi behar dira helburu garrantzitsuak lortzeko eta gauza txikietan ez itotzeko.

NaBairen barne egoera nola ikusten duzu?

Handitu egin da, eta ez dut izenik aipatu nahi, baina badira elementu batzuk gauzak nahasi dituztenak eta adierazpen gaiztoak egin dituztenak. Dena dela, ez nago batere kezkatuta barne egoera dela eta. Batzarre bakarrik dago zalantzan, baina argi esan du jarraitu egin nahi duela. Nafarroan ez da beste aukerarik ikusten, PSNren jarrera ikusita. UPNren eskuin besoa izan da. Gakoa da ezker abertzalearen presentzia nolakoa izango den.

PSNren aukera itxita dago?

Itxita dago, bai, baina PSOErekin edozer gauza espero liteke. Madrilek agintzen du. Madrilen agintzen dutena hemen onartzen dute. Orduan, estatu ikuspuntutik ikusten badute komenigarria dela edozein motatako akordioa lortzea hemen, egingo dute. Prozesua nola doan, horretan datza Nafarroako aukera.

Nola ikusi duzu Nafarroako beste alderdiek azken gertaeren inguruan izan duten jarrera?

Gaztelaniaz badago esaera bat: inoiz leial izan ez dena ezin da traidore izan. UPN alde batera utzi behar dugu. Bere diskurtso bakarra da Nafarroa desagertzea nahi dugula eta horrelako tontakeriak. Nafarroan eskuinak badu oinarri sozial handi bat. Betidanik hala izan da, baina aurreratzen ari gara. Sektore aurrerakoiak gero eta esparru gehiago hartzen ari gara. Espero dezagun hurrengo hauteskundeetan lehen indarra izatea. Hori historikoa izango da. Gehiengo demokratiko bat lortu behar dugu. Ez dago beste biderik.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

| BIDEO | THE LAND OF THE BASQUES - ORSON WELLES

| BIDEO | AGIRRE LEHENDAKARIA KATALUNIAN