2010/05/17

Maiorga Ramirez Berrian

«Alderdikerien gainetik, aukera historikoa lehenetsi behar da»
Joxerra Senar Iruñea

Euskal Herria ziklo politiko berri baten atarian ikusten du Maiorga Ramirez Nafarroako Eusko Alkartasunako lehendakariak (Iruñea, 1976). Batez ere «diskrezioz eta arduraz» lan egiteko unea dela dio. Dena den, Ramirezen ustez, «guztiz bateragarriak» dira Nafarroa Bairen aldeko apustua eta abertzaleen arteko estrategia bateratu bat egituratzea. Argi utzi nahi izan du, batetik, Aralarrekin hitzartutako NaBairen inguruko akordioa «erabat irekita» dagoela eta EArentzat lehentasuna estrategia politikoak duela. Bestetik, oso positibotzat jo du ezker abertzalearen mugimendua, eta horren inguruan eragile politiko guztiek ikuspuntua egokitu beharko dutelakoan dago.
Zergatik EAk eta Aralarrek egin zenuten publiko NaBairen inguruko akordioa, egungo beste koaliziokideekin adostasunik izan gabe?
Gizartean hedatuta zegoen kezka sakon bat, eta iruditu zitzaigun berri on bat helarazten ahal genuela esanez lanerako oinarri bat adostuta zegoela. Ez dago ezer itxirik. EAk argi esan du. Prest gaude guztiekin eztabaidatzeko eta gure muga bakarra dira printzipio etikoak eta gure konbentzimendu ideologikoak.
Negoziatzeko tarterik geratzen zaie EAJri eta Batzarreri?
Tarte handia. Zoritxarrez, prentsaren bidez jakin ditugu euren kezkak. Ea zer aukera dauden horien jarrerak gure lehen lanerako oinarri horretan gaineratzeko. Egia da ere egoera politiko berriak aukera berriak ireki dituela, eta zenbait eragilek ez dakitela nola kokatu Euskal Herrian izaten ahal den egoera berrian. Nolabaiteko zalantzak sortzen ari dira Nafarroa Bairen edo abertzale aurrerakoi eta ezkertiarren indar metaketaren inguruan.
EAJz ari zara?
Nire ustez, EAJk egoera politiko ilusionagarri honen inguruan ez du erabakita non kokatu. Asteon akordioaren edukia kaleratu dute hainbat komunikabidek.
Egungo alderdi bat boto bat egituratik bakoitzaren ordezkaritzaren araberako egitura batera pasatzen dela nabarmendu da. Zer duzu esateko?
Dena eztabaidatzeko dago. Planteamendu hori berrikusteko gaude. Eztabaida eraman nahi izan da herritarrengan desilusio gehien sortzen duen tokietara. Proportzionaltasunaren eta paritatearen arteko eztabaida hori arazoa bada, inork ez du EArekin arazorik izango akordio batera heltzeko: guk estrategia politikoaren definizioa lehenesten dugu.
Batzarre ez dago ados NaBairen barne egituran paritatea ukitzearekin. Ezaguna da udal arloan zerrenda bateratuak osatzeko elkarrizketak dituela Nafarroako Ezker Batuarekin. Kanpoan gera daiteke?
Batzarrek erabaki beharko du etorkizunean zer egin. Barne eztabaida du NaBairen eta abertzale aurrerakoien arteko indar metaketa baten aukera bozetan bultzatzearen inguruan. Haren erritmoak errespetatu behar ditugu.
Txentxo Jimenezek apirilean zera esan zuen: «Eginahal handiagoa egiten dugu elkarren aurka UPNren aurkako politikak eztabaidatzen baino». Ados zaude?
Argi dago koalizio barruko eragileek NaBairen heldutasuna ahuldu egin dutela. Tristezia handiz hartzen ditugu filtrazioak, eta koaliziokideen zikinkeriekin.
Kalte egin diezaioke koalizioaren irudiari? Kezkatuta zaudete horregatik?
Bai, dudarik gabe. Orain erronka da berriz ere herritarrak ilusionatzea, eta egoera berrietan oinarrituta, Sanzen eta Jimenezen gobernua gainditzeko lehia egingo duen proiektu bat eskaintzeko.
Proiektu horretan, uneotan, tokirik izan dezake ezker abertzaleak?
Egoera berriak ireki ditu aukera berriak horretarako, eta argi dago ezker abertzalearekin beharrezko leialtasunarekin hitz egin beharko dela.
Bateragarri al da NaBairen aldeko apustu hori egitea EAk eta, era berean, ezker abertzalearekin estrategia bateratu bat hitzartzearen aldeko apustua egitea?
Guztiz bateragarria. EAk argi du NaBai izan dela abertzaleen arteko akordiorako eredu bat, eta NaBaik argi utzi du indar metaketa piztu behar dugula Euskal Herri osoan. Horretan gaude EAn. Gero, indar metaketa horrek isla espezifikoak izan ahal ditu Euskal Herriko hainbat esparrutan, baina gure nahia da Nafarroan abertzale ezkertiar eta aurrerakoien proiektu politiko bat eta artikulazio estrategiko bat bultzatzea. Ikusiko dugu hemendik aurrera zer fruitu ematen dituen, eta zer jarrera aurkitzen ditugun beste eragileengan. Gure apustua nazionala da.
Uneotan gizartearen aurrean arazoak ditu EAk bi apustu horiek bateragarriak direla ikusarazteko?
Lan egiteko uneak daude, eta iragartzeko uneak daude. Orain, lan egiteko momentuan gaude. Argi dago lana aurrera doan heinean zalantza guztiak argituko direla.
Hala ere, argitze aldera, hauteskundez gaindiko estrategia bat al da?
Aldaketa politikoa ziurtatuko duen proiektu politikoaren nahia bateratu behar da hori ahalbidetzeko behar den denborarekin eta prozesuarekin. Hauteskundeak ez dira bide hori jorratzeko amaiera, baina uste dugu hauteskundeetarako egoerak eta baldintzak egon behar direla, herritarrek bere bozarekin ilusio hori berrets dezaten.
Ezker abertzaleak, ordea, kritikatu egin zuen Aralarrekin egindako akordioa, eta ardura historikoaz jokatzeko eskatu zizueten.
Zilegia ikusten dut beste eragileek agertu ahal dituzten kezkak, baina gure erronka da kezka horiek argitzea eta gainditu ahal izatea. Horretan ari gara.
Nola ikusten duzu Altsasuko proposamenetik Iruñeko adierazpenera ezker abertzaleak orain arte eman dituen pauso horiek?
Oso garrantzitsuak dira. Lehenik eta behin, ezker abertzaleak nazionalismo espainiarrari min gehien sortzen dion aukera aukeratu duelako, eta bide horretatik biltzeko erabakia hartu duelako. Hori, berri on bat da. Orain arte, ezker abertzaleak politika egiteko izan dituen zailtasunek nazionalismo espainiarra elikatu dute. Oraindik pausoak emateke daude, eta badakigu ezker abertzalearen hausnarketa oso sakona izan dela. Argi dugu ere erabaki horrek atzerabiderik ez duela, eta abertzale guztiongan ilusioa pizteko moduko aukera bat sortu duela komunezko lan bat egiteko. Xibertatik aurrera ezinezkoa izan zena, orain bai izan liteke.
Nola ikusten duzu beste eragileen erreakzioa?
Uste dut ezker abertzaleak tokiz kanpo utzi dituela hainbat eragile politiko. Sortu ahal den egoera politiko berriari alderdi sozialistak nolabaiteko beldurra diola ikusten dugu, hain zuzen ere ezker abertzalearen politika egiteko murrizketetan oinarritzen baitu bere lehendakaritza EAEn. Orain aldundietara iritsi ahal izatea du helburu. EAJn polifoniarekin jokatzen ari dira. Joseba Egibar batetik eta Iñigo Urkullu bestetik, «ez zaitezte nahasten utz» eskatuz. Azkenean egoera berriak behartuko ditu eragile guztiak birkokatzera.
Gauzak horrela, nola ikusten dituzu Nafarroako alderdiak: UPN, PSN eta PP?
Benetan ikusten dute olatu indartsu bat sortu ahal dela, baina adi daude ea zerk edo zerk olatu hori zapuztuko ote duen. Uneotan, zalantza nagusietako bat da ETAk zer pauso emango duen, eta, horren arabera, ezker abertzaleak ere zer egingo duen. ETA antzinako gauza bat da. Zoritxarrez, denok nahi dugun erabakia hartu zain jarraitzen du gizarteak. Argi dugu abertzale guztiok erabaki hori izango dela estatu espainiarrari eta nazionalismo espainiarrari sostengu dialektiko politikoa kenduko liokeen behin betiko urratsa. Zergatik da beharrezkoa estrategia bateratu bat? Azkenean, nazionalismo espainiarrak gaur egun esparru juridiko politikoa mantentzeko bi gauzarekin elikatu da: batetik, abertzaleen arteko ezadostasunez, eta, bestetik, ETAren ekintza armatuaz. Lan egiten ari gara estatuari bi elikagai horiek kentzeko, ziur gaudelako Euskal Herriaren etorkizuna eta eskubideak lortzeko aukera ilusiozkoak planteatuko direla gutxi barru.
Aralarrek argi dio ETAk indarkeria alboratzen ez duen bitartean, ez dutela arriskuan jarriko hamar urteko lana. Ezker abertzaleak, aldiz, dio alderdikeriak utzi behar direla eta ez dela baldintzarik ezarri behar. Eztabaida horretan, non dago EA?
Guk argi dugu arduraz jokatu behar dugula eta Euskal Herria izan behar dugula buruan. Aralarren eta ezker abertzalearen artean tirabirak izan ditzakete, haustura batek mesfidantzak eragiten dituelako. Hala ere, ezker abertzale historikoak bide politikoen aldeko apustua egin baitu, politikoki eta argudioetan uste dugu Aralarrek ez lituzkeela jarri beharko hainbat eragozpen. Guk zubilana egin nahi dugu. Prest gaude ziklo berri bat irekitzeko: arduraz, diskrezioz eta lan eginez. Beti lehenetsi behar dugu aukera historiko hori alderdikerien gainetik. Abertzaleen arteko ezadostasun horiek gainditzeko oztopo dira iraganeko errezeloak. Horiek gainditu ahal dira. Hor dago Independentistak sarea lanean, eta badago Euskal Herrian oinarri abertzale independentista bat alderdien gainetik eta ezadostasun pertsonalen gainetik lan egiteko prest dagoena, eta horrek izan beharko luke alderdientzako eredu, politikan adostasun eta adiskidetze nazional bat lortzeko. EAk borondatea du, eta unerik zailenetan ere adierazi dugu zein den gure borondatea. Ez du atzerabiderik.
Aralarren aldetik nabari duzue aldaketa bat azken bi hilabeteetan?
Bai, argi dago gero eta errezelo gutxiago nabarmentzen dituela adierazpenetan, eta positibotzat jotzen dugu diskurtso aldaketa.
Zer erantzun espero duzue estatuarengandik?
Ondorio asko atera ahal ditugu azken 30 urteetatik, eta horietako bat da ez digula bide leunik jarriko. Abertzaleon arteko akordioak izango dira herri hau egungo egoeratik aterako dutenak. Gero eta gertuago egon beharko luke ETAren ekintza armatuen inguruko iragarpena. Argi dago, abertzaleon arteko lanik gabe estatua ez dela prest egongo egoera bat lor dezagun herri honen eskubideak errespetatuak izateko. Orduan oztopoak jarriko ditu. Atxiloketek eta hainbat neurri judizialek erakusten dute estatua kezkatuta dagoela sortu den egoerarekin, baina batez ere sortu ahal den egoerarekin.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina

| BIDEO | THE LAND OF THE BASQUES - ORSON WELLES

| BIDEO | AGIRRE LEHENDAKARIA KATALUNIAN